Ganbara proiektuaren helburua euskarazko zinemagintzaren argazki historikoa egitea da, lehen filma errodatu zenetik gaur egunera arte. Euskal zinemagintzak ez du orain arte artxibategi digitalik izan, eta hutsune horri erantzun bat emateko asmoz abiatu dugu Ganbara egitasmoa. Filmak, zinemarekin lotutako erakundeak, ekoizpen-etxeak, profesionalak, materialak eta abarrekoak jasoko ditugu bilduma handi honetan.

“Gaur egun euskarazko zinemagintzaren egoera osasuntsua dela esaten dugu,

baina gehienoi kostatu egiten zaigu euskaraz egin diren

bost filmen izenburuak errenkan esatea”

Ganbara euskaraz egindako film guztien katalogoa ere bada, eta horixe du lehendabiziko balorea, errodatutako lanen zerrenda osatua izatea. Film laburrak eta luzeak; fikzioa, dokumentalak eta animazioa. Urtetik urtera euskaraz sortu dugunaren bilakaera jarraitu ahal izango dugu. Urte idorrak eta urte emankorrak, zuzendari bakoitzaren ekoizpena, gidoilarien lana eta beste hamaika informazio erauziko ditugu.

“Euskaraz egindako zinema kontsumitzeko beste modu bat proposatuko dizuegu:

gidoia irakurriz, eleberri baten moduan, komiki baten moduan.

Esperientzia zoragarria izango da”

Gainera, zinemagintzan jarduten duten erakundeak, ekoizpen-etxeak eta profesionalak ere bilduko ditugu, eta zinemagintzarekin lotutako materialak, hala nola, liburuak, tesiak, ikerketak, kritikak eta aipamenak. Bigarren fasean, halaber, euskara ekarritako filmei egingo diegu txokoa: bikoiztuak, azpititulatuak, audioak…

Datu-basea Creative Commons lizentziapean sortu dugu, eta bertako edukiak erabiltzeko ezinbestekoa izango da iturria aipatzea eta ustiapen komertzialik ez egitea.

CC-BY-NC

Epe luzeko egitasmoa da, eta datu-basea pixkanaka baina etengabe osatzen jarraituko dugu. Horregatik, proiektuan parte hartu nahi duzuen guztiok ateak zabalik dituzue horretarako. Gurekin harremanetan jartzeko bideak:

943 504 206

 Portuetxe 53A – 108. bulegoa. 20018 Donostia

 info@zinea.eus

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako proiektua da Ganbara, eta Zinea ataria da egitasmoaren euskarri nagusia. Era berean, ez genuke aipatu gabe utzi nahi Euskadiko Filmategia, proiektuaren parte baita.

Gehiago luzatu gabe, ongi etorri euskarazko zinemaren unibertsora. Gozatu!