Sinopsia
Benetako istorio batean oinarritutako filma da. Warrnambool izeneko herrixkako kostaldetik oso gertu, garai batean munduko milaka eta milaka pinguino txikiren bizileku zen Middle Island erreserba dago. Azeriek uharteraino doan sakonera txikiko ubidea zeharkatzen ikasi zutenetik, ordea, pinguino-kopurua izugarri gutxitu da. Eta kopurua hamarretik beherakoa izatera iristen bada, Emily Marsh parkezainak lanpostua galduko du.
Gai horrekin oso kezkatuta dago aita, oiloak hazten dituen Swampy Marsh baserritarra. Lehen, emazteak zaintzen zuen erreserba, baina hildakoan, Emilyk hartu zuen haren lekukoa. Swampy, aldiz, baserrian bakartu zen. Emilyren bederatzi urteko alaba Oliviari esker mantentzen da familia batuta. Eta horren guztiaren erdigunean Oker dago, Swampyren Maremma arrazako artzain-txakur bihurria. Parkeak ateak ixten baditu, Emilyren asmoa Olivia hartu eta Bradley turismo-agente amerikarrarekin batera beste nonbaitera bizitzera joatea da. Beraz, alaba ez ezik, biloba ere galtzeko arriskua du Swampyk.
Irtenbidea Swampyk uhartetik zauritutako pinguino bat salbatzearekin etorri da. Izan ere, orduan ikusi du Swampyk, harrituta, zein trebea den Oker pinguinoak zaintzen, oiloekin ezin okerrago moldatuagatik ere. Pinguinoen azken zenbaketarako bi aste falta direla, Swampyk eta Oliviak ideia ero bat izan dute: nondik aterako den jakin ezin den Oker bihurria trebatzea, pinguinoak gorde ditzan eta, hartara, erreserba itxi ez dezaten.
Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker, euskaraz kontsumitu ahal izateko bikoiztutako filma.
Hizkuntza: Euskarara ekarria
Fitxa Teknikoa
Zuzendaria: Stuart McDonald
Gidoilaria: Peter Ivan
Ekoizleak: Frank Dunphy
Argazki zuzendaria: Damian Wyvill
Muntaketa: Cezary Skubiszewski