Sinopsia
Hirurogei eta hamar urteren ondoren, Aranzadi zientzia elkarteko kideek Elgoibar eta Markina-Xemein artean dagoen Zirarda mendian lurperatutako lau gudariren gorpuzkinak deshobiratu dituzte. Gudari gazteak dira, 1936ko irailaren 25ean erreboltarien aurka Zirardamendiko batailan hil ziren Arana Goiri batailoiko kideak; eta horietako bakoitzak bala batek egindako zulo bana dauka buru-hezurrean. Gorpuzkinak oso hondatuta daude, baina DNA probak egin ostean, horietako bat Sabin Atutxa dela egiaztatu dute.
1936ko irailaren amaieran, Gipuzkoa galdu ostean, Bizkaia ere errepublikaren aurka matxinatutako erreboltarien eskuetan erortzeko arrisku betean zegoen. Egun horietan, Sabinek eta bera bezala errepublikaren alde borrokan ziharduten boluntarioek, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan gogor eutsi zioten fronteari. Horrela izan ez balitz, Euskadi osoa matxinoen esku geldituko zen, eta Jose Antonio Agirre, lurralde gabeko aberri baten lehendakari besterik ez zen izango. Izan ere, Arana Goiri batailoiko kideak irailaren 25ean Zirardamendin borrokatu zirelako egonkortu zen frontea, besteak beste. Horren ondorioz, Autonomia Estatutua onartu eta Eusko Jaurlaritzak zazpi hilabetez Euskadin agintzeko eta bere lehentasunak abian jartzeko aukera izan zuen.
Aranzadik egindako deshobiraketa eta Sabinen sendia abiapuntutzat hartuta, "Goazen gudari danok" dokumentalean Zirardamendiko batailaren nondik-norakoak deskribatuko dira, eta historian gertaerak hark izan duen garrantziaren berri emango da.
Dokumentala elkarrizketen eta fikzioaren bidez egituratuko da. Elkarrizketei dagokienez, lekukoek eta historialariek 1936ko irailaren amaieran Markina-Xemeingo frontean eta Euskal Herrian gertatutakoaren berri emango dute (Josu Txueka, Iñaki Goiogana, Patxi Juaristi) eta antropologia- eta genetika- adituek, berriz, deshobiratzeen berri emango dute (Paco Etxeberria, Lourdes Herrazti, Marian Martinez de Pancorbo). Fikzioaren bidez, bestalde, Arana Goiri bataloiaren sorrera, Zirardamendiko bataila, eta Eusko Gudariak goraipatzen dituen izen bereko abestiaren sorrera irudikatuko dira.
Izan ere, 1936ko irailean gertaera asko pilatu ziren, eta gaur egun ozta-ozta gogoratzen diren arren, Euskadiko historian berebiziko garrantzia izan zuten. "Goazen gudari danok" dokumentalaren bitartez, gertaera haiek lurpetik argitara atera, eta Euskal herriaren historian dagokien lekua eman nahi zaie.
Hizkuntza: Euskaraz
Atari ofiziala
Trailerra
Teaserra
Fitxa Teknikoa
Zuzendaria: Iban Gonzalez
Gidoilaria: Lorea Perez de Albeniz, Eduardo Barinaga
Ekoizleak: Iñigo Camino, Karmelo Vivanco, Eduardo Barinaga
Argazki zuzendaria: Gonzalo (Kalo) Fernandez Berridi
Zuzendari laguntzailea: Asier Urbieta
Produkzio zuzendaria: Idurre Cajaraville
Jantziak: Silvia Baltasar
Ile-apantzailea: Olatz Hernandez