Azala

Elbira

Sinopsia

Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) hil zela 40 urte bete direnean, hezitzaile eta euskaltzale aitzindariari buruzko dokumentala estreinatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako lana da Elbira, hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakonduko duen dokumental fikzionatua.

Dokumental fikzionatua

Euskal gizarteak oso sakon barneratua dauka memoria historikoa lantzea eginbeharreko ariketa dela. XXI. mendeko Gipuzkoa eta Euskal Herria ez da egun batetik bestera eraiki. Gizaki konprometitu askoren lana dago atzean, eta azkenengo urteetan badago konpromiso bat pertsona horien lan eta sakrifizioa aitortzeko. Elbira dokumentalak Zipitriaren bizitzan eta jardunean sakontzen du.

Horretarako, gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak dira protagonista eta haren istorioaren narratzaile. Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatzen dute. Horiek dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.

Horretaz gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu dokumentalak, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituz. Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua dira horietako batzuk. Teresa López de Munainek gorpuzten du andereñoa. Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.



Hizkuntza: Euskaraz

Atari ofiziala

Aktoreak

Oihana Maritorena - Joserra Fachado - Teresa Calo - Egoitz Lasa - Teresa Lopez de Muniain

Fitxa Teknikoa

Zuzendaria: Iban Gonzalez