Sinopsia
Araitz bailarako ahots anitzen konstelazio bat izan nahi du Arantza Santesteban Perezen ‘Liluraren kontra. Aura hautsi’ proiektuak. Araitz bailaran kokatu du fokua, eta bertako adinekoak zaintzen ari diren Nikaraguako langileak agertuko dira, nerabeak, alkatea, baserritar gazteak... Bailaran bizi diren pertsona batzuk jarraitu ditu zuzendariak Maioetan barrena. Batetik, landa munduko aldaketez mintzo den gizona; bestetik, jatorrizko herrialdetik urrun dagoen emakumea; baita kamera berezi batez enkoadratzen duen beste emakume bat ere; eta azkenik, Tik-tok-ak egiten dituzten eta ilunabarrari argazkiak ateratzen dizkioten gazteak.
Landarte Nafarroako Gobernuaren programaren barruan ekoitzitako lana, arte garaikidea landa eremuan jorratzen duena. Urtero egiten dute: Nafarroako bost herri edo bailara aukeratzen dituzte eta, horiekin batera, herrialdeko bost artista, herri bakoitzerako bat. Santesteban (Iruñea, 1979) eta Araitz, biak hautatu eta elkartu zituzten.
Hizkuntza: Euskaraz